XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mariek puntuekiko idatz sistema korapilotsu bat sortu zuen: norberaren fitxa zokoratua izan edo besterena zokoraerazi, horren arabera puntuak lortzen zituen bakoitzak eta horrekin taula interesgarri bat osatzen zuen; lau koloreko arkatza erosi nion, honela balio pasiboak eta balio aktiboak, berak zioen bezala, hobekiago marka ahal izango bait zituen.

Inoiz, treneko bidai luzeetan ere jokatzen genuen, bidailagun serioen harriduraz, Mariek nirekin jokatzen segitzen bazuen atsegin ematearren besterik ez zuela egiten bapatean konturatu nintzen arte; ni baretzearren, nire artista arimari lasaitasuna sorrerazi nahi ziolako alegia.

Bere pentsamenduak urrun ziren, hori duela hilabete batzu hasi zen gertatzen, Bonnera joateari uko egin nionean, nahiz eta bost egun osotan errepresentapenik izan ez.

Zirkuloaren beldur nintzen, Leo ikustearen beldur, Marie, baina, eten gabe esaten ari zitzaidan aire katolikoa arnastu behar zuela berriro ere.

Oroiterazi nion, lehenengo arratsa zirkuloan pasa ondoren Bonnetik Kô*lneraino nola itzuli ginen, nekaturik, dohakabe eta lurjota, eta nola trenean, taigabe, esaten zidan: hain xamur zara, hain xamur, nola nire sorbaldaren gain loak hartu zuen, eta noizpehinka iratzarri egiten zen, urduri, kanpoan errebisatzaileak geltokien izenak esaterakoan: Sechtem, Walberberg, Brûhl, Kalscheuren, aldiro, izuarekin ikaratuz, eta nik bere burua nire sorbalda gainean ipintzen nuela berriro ere, eta Kô*ln Mendebaldean atera ginenean, nola esan zidan: - Hobe genuen zinemara joan izan bagina.

Guzti horretaz oroiterazi nion arnastu behar zuen aire katolikoaz hitzegiten hasi zenean, eta zinemara joateko proposamena egin nion, edo dantzara, edota partxisean jokatzera, baina buruari eragin eta Bonnera joan zen, bakarrik.

Nik ezin dut neure burua aire katolikoen artean imajinatu.

Azken finean Osnabrûcken ginen eta hango airea ez zitekeen hain ezkatolikoa izan.